💾 Archived View for gemini.xabirequejo.eus › orokorra › barclays.gmi captured on 2023-11-04 at 11:04:57. Gemini links have been rewritten to link to archived content
-=-=-=-=-=-=-
2014ko urtarrilaren 19an iritsi nintzen Londresera, igandea; astelehenean ingeles eskolak hasiko nituen eta handik gutxira lanen bat bilatzen hasteko asmoa nuen. Baina toki batean finkatzeko ezinbestekoak dira helbide bat, telefono zenbaki bat, eta bertako kontu korronte bat.
Lehenengo biak banituen, baina hirugarrena ez zen hain erraza izango eskuratzen. Notting Hill Gate eta Kensington Church Street artean zegoen Barclays banketxera joan nintzen aurrenik. Zita bat eman zidaten hurrengo egunean kontu bat zabaltzeko, Ladbroke Grove eta Lancaster Road artean zuten egoitzan.
Hara iritsitakoan, ordea, zailtasunak jarri zizkidaten kontu korrontea irekitzeko eta esku hutsik atera nintzen. Ezezkoa eman zidan tipoaren izena ere gogoratzen dut oraindik.
Ez nuen etsi eta Notting Hill Gaten zegoen beste banketxe batean egin nuen aproba: NatWest. Hemen ere ez zidaten kontua irekitzen utzi. Nire uneko aurrezki-kutxaren eskutitz bat nahi zuten izena eta Londreseko helbidea erakutsiko zuena (eta hori ezinezkoa zen, ez dituztelako nazioartera bidaltzen) edo argi/ur faktura bat nire izenean (eta hori ere ez zen posible, nik ez baitnuen ordaintzen horrelakorik).
Goibel, burumakur, bulego ugaritan saiatu nintzen, baina ezinezkoa zen. Tematuta nengoen, ordea, eta kontu korrontea lortzeko helburua nuen. Pasioan nindoala topatzen nituen egoitza guztietan galdetzen nuen, erantzun berbera jasoko nuela jakin arren. Arratsalde batean, Victoria Street-en gora nindoala, Lloyds Banken hasi, NatWest berriro… Tothill Streeten dagoen Barclaysera iritsi arte, Westminster abadiaren parean.
Ez dakit nola baina bertan kontua irekitzea baimendu zidaten. Gauzak (txartelaz gain *pinsentry* izeneko gailu bat bidaltzen zuten orduan, *bi faktoreko autentifikazioa* behar zuten eragiketak egin ahal izateko; gailua izan ezean, kutxazain batera gerturatu behar zinen; egun, mugikorrerako aplikazioan bertan txertatu dute *pinsentry*ren funtzioa) etxera iritsitakoan berriro itzultzeko zita bat eman zidaten. Martxoa izango zen ziurrenik.
Bueltatu nintzen arratsalde hartan, ordubeteko atzerapenarekin hartatu ninduen nire kontseilariak. Egoitza guztietan BBCren albistegia zuten, ahots barik baina azpitituluak gaituta. Bulegoko zuzendariak barkamena eskatu zidan. Azkenean, niri buruzko datu batzuk jaso zituzten (kontuan zenbat diru sartuko eta irtengo zenaren aurreikuspena), banketxeak eskaintzen zituen zerbitzuak (maileguak, aseguruak…), eta online banka nola erabili. Pamema bat izan zen eta onena etxean geratzea izango zela pentsatu nuen, baina hainbeste saiakera eta gero, ordubeteko itxaronaldia eta datuak jasotzeko saio hori ordaintzeko prest nengoen.
—————
Londresetik alde egin nuen, urteak igaro ziren, eta nire kontuak irekita zirauen, ezertarako erabiltzen ez banuen ere. Tira, Herbeheretan eta Belgikan txartel nagusia onartzen ez zidatenean Barclaysekoa erabiltzen nuen, baina besterik ez.
2017an lagun batek jaso zidan txartel berria, Londresen egun batzuk igarotzen ari zela. Eta 2020an, pandemia aitzaki, Gasteizera bidali zidaten, salbuespen bezala. 2023an, ordea, batek daki zein helbidetara bidaliko zuten; nik ez nuen jaso. Eta duela gutxi, 2023ko irailean, kontu korronteak inolako mugimendurik ez duela ikusita, itxiko zidatela jakinarazi zidaten.
Bertan nituen 26,15 libera esterlinak beste kontu batera bidaltzea lortu nuen eta orain berdin zait zer egingo duten irekitzeak hainbeste lan eman zidan kontuarekin, jakin badakidan arren behin itxita eta BREXITa tarteko, ezingo dudala berriro ireki.
Tristetzen nauen arren, inoiz bete ez nituen duela 10 urteko ametsak askatzeko garaia da. Ez dut bertara itzultzeko eta bertan bizitzeko aukerarik ikusten, 20 urterekin desiratzen nuen bezala; ez nion aukerari eusten jakin eta ihes egin zidan. itzuliko banintz ere, ni ez naiz ordukoa.
__________
2023ko irailaren 7a, larunbata