💾 Archived View for gemini.xabirequejo.eus › fedibertsoa captured on 2023-07-10 at 13:10:16. Gemini links have been rewritten to link to archived content
➡️ Next capture (2023-09-08)
-=-=-=-=-=-=-
Fedibertsoa elkarren artean erlazionatu daitezkeen gune edo zerbitzu desberdinek osatzen duten interneteko unibertsoa da; nodo txikiz osatutako sare zabala.
Gizarte-sare komertzial zentralizatuetan ez bezala, edukia zerbitzari batean baino gehiagotan dago sakabanatuta baina bakarra bailitz dabil, hots, erabiltzaileak ez du aldaketarik somatzen zerbitzariak elkarren artean federatuta daudelako. Telefono zerbitzu hornitzaileekin gertatzen den bezala, ez de beharrezkoa bezero batek beste batekin harremana izan dezan biek konpainia bera izan dezaten.
Imajinatzen Vimeon bertako bideoez gain Youtubekoak ere ikusi ahal izatea? Edota Instagramen jarioan Flickrreko irudiei iruzkinak egin ahal izatea? Bada, Fedibertsoan posible da. Eta haratago doa.
Mota bereko edukiak ez ezik, edozein motako edukiekin dira bateragarriak Fedibertsoko zerbitzuak ActivityPub izeneko estandar komunari esker.
Adibidez: testu laburrak idaztea gogoko badugu Takahe erabil dezakegu, eta bertatik Pixelfeden argazkiak argitaratzen dituen laguna jarraitu. Txio bati TikToketik erantzutea bezala edo Facebooken argitaratutako bidalketa bat Tumblrren gogoko egitearen parekoa litzateke.
Fedibertsoko jokalariek elkarlanean dihardute; ez norgehiagokan eta, beraz, partekatu nahi dugun edukiaren arabera (hitzak, irudiak, soinuak…) gure plataforma aukeratu dezakegu lagunek zein erabiltzen duten kontuan hartu beharrik gabe, direnak direla hartu-emana izan dezakegulako.
Salbuespena mezularitza-zerbitzuak dira. Jabber/XMPP zein Matrix federatuak izan arren, Jabber/XMPP Jabber/XMPP instantziekin da bakarrik bateragarria eta Matrix Matrix zerbitzariekin soilik.
Fedibertsoa kode irekian oinarrituta dago, zerbitzuak mugiarazten dituen softwarearen iturburua publikoki dago eskuragai, eta [ezagutza duen] edonork ikuskatu, moldatu edota exekutatu dezake.
Orain arteko gizarte-sareak enpresa jakin batek eskaintzen zuen zerbitzarian ostatatzen ziren; Fedibertsoa, ordea, edonork ostatatu dezakenez, milaka zerbitzari, nodo edo instantzia txikiz osatuta dago. Horrek deszentralizazioa bermatzen du, eta gure datuak norekin partekatzen ditugun erabakitzen uzten digu, burujabetza teknologikoa bultzatuz.
Zerbitzariren batek arazo teknikoak izango balitu edo administrariak erabaki ez onargarriak hartuko balitu, gizarte sareak —bere osotasunean— aurrera jarraitu lezake, zerbitzari hori gabe. Gauza bera pertsona edo enpresa batek erosi nahi izango balu: zerbitzari bat eros lezake, baina ez gizarte-sare osoa.
Fedibertsoan ez dago iragarkirik edota irabazi asmorik. Horregatik ez dago erabiltzen ari zaren zerbitzuko jarioa moldatuko duen algoritmorik: zuk jarraitzen dituzunen edukia besterik ez duzu ikusiko, argitaratu den orden kronologikoan.
Ezkerreko ikuspegia da nagusi eta, defektuz, eskumako mezuak zabaltzen dituzten zerbitzariak blokeatuta daude, hots, ez daude federatuta. Instantziatako administratzaileek kudeatzen dute federatzeko gaitasuna.
Partekatu nahi dugun edukiaren arabera zerbitzu bat edo beste erabil dezakegu:
Zerbitzu gehiago ikusteko (HTTP esteka):
Zerbitzariak, nodoak eta instantziak sinonimoak dira.
Ezagutza duen edonork izan dezake instantzia propioa berarentzat eta senide edo lagunentzat (edo publiko egin!). Beste aukera bat guk kudeatzen ez dugun instantzia batean izena ematea da.
Instantzia bakoitzak berezko arauak ditu. Instantzia baten aruak beste batenarekin bateragarriak ez badira, federatzeari utzi eta bakoitzak bere bidea jarrai dezake. Fedibertsoko edukiaren zati bat ikusteari utzi diezaiokete instantzia horietako erabiltzaileek, baina euren edukia partekatzen jarrai dezakete.
Instantziaren arabera azpimarra kontu batean edo bestean jarriko da. Bi adibide:
Zerbitzari bateko arauak gogoko ez baditugu gure kontua beste zerbitzari batera eraman badezakegu ere, argitalpenak hasierako zerbitzarian geratuko dira. Beraz, garrantzitsua da izena ematerakoan arauak irakurtzea.
Sarritan gizarte-sare komertzialak eta irekiak erabat baliokideak izango balira bezala alderatzen badira ere (Twitter = Mastodon; Instagram = Pixelfed; Reddit = Lemmy…), badaude berezitasun batzuk.
Fedibertsoa beste toki batzuetan ongietorriak izan ez diren pertsonen etxea da. Horregatik errespetu eta babes berezia behar dute LGBT edota ezgaitasunen bat duten kideek; Fedibertsoa hauei esker existitzen da.
GoToSocial mikroblogintza plataformaren garatzaileak trans dira eta espreski gaitzesten dute faxismoa eta kapitalismoa
Kontuan hartu:
Orokorra:
https://eu.wikipedia.org/wiki/Fedibertso
Aipatutako softwarea: